Santi Brouard eta Josu Muguruza Estatu Terrorismoak hildako ezker abertzaleko burkideak omendu dituzte gaur Bilbon ehunka lagunek. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko eledunak eskertu egin du Santi Brouardek eta Josu Muguruzak, beste lagun askok bezala, herri honen askapenarako egindako lana.
Azaroak 20 egiten dituen guztietan legez, aurten ere ezker abertzaleak lore eskaintza xumea eskaini die militante biei, beren omenez jarritako eskulturetan. 11:30ean Ametzolan egin dute lehen lore eskaintza, Santi Brouardi gorazarre egiten dion eskulturaren aurrean.
Bertan izan dira, Brouarden eta Muguruzaren alabak eta ezker abertzaleko buruzagi ugari, Niko Moreno, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia eta Maribi Ugarteburu, besteak beste.
Ekitaldian Zuriñe Zorrozua ezker abertzaleko kideak omendutako lagun bien aldeko hitzak izan ditu. Gaurkoa egun “esanguratsua” da, Zorrozuak adierazi duenez, “euskal herriaren historiarako nahiz euskal herritar askoren oroimenerako”. Izan ere, Estatuaren aparatuek orain dela 27 urte hil zuten Santi Brouard, Bilbon, eta orain dela 22 Josu Muguruza, Madrilen, diputatu akta jasotzera joan zenean.
Santik eta Josuk ezin hobeto ordezkatzen zituzten, Zorrozuaren esanetan, “ezker abertzalearen balioak, umilak ziren, apalak, konprometituak, militanteak azken batean”, eta hain zuzen ere, horregatik hil zituztela esan du. Halaber, Santi eta Josuk orain dela 20 urte baino gehiagok abiatutako borrokak zein “herri honen alde borrokatu diren eta borrokan ari diren lagunek egindako lanak” egungo aro politiko berrira iristea ahalbidetu duela gogorarazi du.
Lehen ekitaldiaren ostean, bertaratutako lagunak Errekaldeko plazara joan dira, bertan Josu Muguruzaren omenez jarritako monolitoaren ondoan, egin baitiete bigarren lore eskaintza.
Arkaitz Estiballesek gaurkoan omenaldia jaso duten militanteen omenezko bertsoak kantatu ditu eta haren atzetik Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko burkideak hartu du hitza.
Ugarteburuk Brouardek eta Muguruzak ezker abertzalearen baitan egindako ekarpen “oparoa eta ezinbestekoa” eskertu nahi izan du. Hain justu ekarpen horrek eraman du, Ugartebururen hitzetan, Euskal Herria aldaketaren ziklora.
Muguruzak bere garaian Kongresuan egin bezala, “gaur berriro goaz (Madrila), argi eta garbi entzun dezaten, hemen herri bat dagoela, demokraziarako eta askatasunerako bere bideari ekin dion herria dagoela”, adierazi du.
Ildo horretan, ezker abertzaleak aldaketarako ziklo politiko batera heltzeko “baldintza nahikoak” sortu dituela azpimarratu du ezker abertzaleko buruzagiak. Estatua konfrontazio politikora eraman nahi dute, eta horregatik doaz Madrila, esan duenez.
“Guda zikina, tortura eta espetxe politika kriminala” bezalako argudioak erabili izan ditu, Ugarteburuk dioenez, Espainiako Estatuak bere estrategian. Baina orain irekitako prozesuan “zelako argudioak erabiliko ditu Estatuak gure herriari erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzeko”, galdetu du.
Azkenik, biktimen erabilera politikoaren aurka agertu da ezker abertzaleko bozeramailea, eta zenbait sektore biktimen auzia konponbide demokratikoa galarazteko erabiltzen ari direla salatu du. Ezker abertzaleak, baina, biktima guztien errekonozimenduaren alde egingo duela jakinarazi du, irtenbideak bilatzeko bidean lagun dezaten.
Utzi iruzkina