Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak adierazi duenez, ez du froga nahikorik Aste Nagusiko 2009ko gertakarien harira auzipetutako lagunen aurkako auziarekin aurrera jarraitzeko. Gaur eta asteazkena bitartean hainbat konpartsetako 19 kidek Auzitegian deklaratzera deituak zeuden eta gaur goizean lehenengo seirak galdekatu ditu Ismael Moreno epaileak.
Ordu erdi inguru eman du aipatu lagunak galdekatzen eta ondoren aske utzi ditu euren aurka inolako neurririk hartu gabe.
Epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen uztailean, txosnetan euskal preso politikoen argazkiak erakusteak terrorismoa goratzearen delitua ekar zezakeela onartu arren, konpartsakideei delitu horren ardura egozteko froga nahikorik ez zegoela argudiatuta. Auzitegiko 3. Zigor Arloko Aretoak, baina, auzia berriz ireki zuen Dignidad y Justicia elkarteak hala eskatuta.
Gaur deklaratu duten sei lagunek, Xabat Moran, Joana Kastresana, Irati Sienra, Irati Ugalde eta Gaizka Astorkizagak, epaileari adierazi diotenez, ez zuten argazkirik jarri eta ez dute inoiz izan terrorismoa goratzeko asmorik. Horrez gain, presoen argazkiak kentzeko agindurik jaso ez zutela azaldu dute.
Bihar Sonia Rahm, Maria del Carmen Benito, Vicente Sola, Andres Nuñez, Maria Soledad Larraona eta Mari Carmen Estebanek deklaratuko dute. Asteazkenean, berriz, azken zazpi auzipetuak igaroko dira auzitegitik: Bernardo Gomez, Euri Albizu, Julen Legorburu, Josefa Andoni Larreategui, Iñaki Antia, Xabier Elortza eta Unai Lopetegui.
[2011/10/14] La Ertzaintza irrumpe en la herriko taberna del Casco Viejo
[…] [2011/10/17] Kargurik gabe aske, presoen argazkien harira deklaratzera deitutako lehen sei lagunak […]
[…] [2011/10/17] Kargurik gabe aske, presoen argazkien harira deklaratzera deitutako lehen sei lagunak […]